Botadun katua

Iraupena: 59′. Adin gomendatua: 3-9 urte

Oso urrutiko herrixka batean, amama zahar batek bere bilobak bildu ditu.

Haurren gurasoak etxetik urrun joanak dira lan eta sos bila. Horregatik, amamak haurrek irmotasunaren, irudimenaren eta lanaren garrantziaz jabetu daitezen, bilobei jolas moduko proba ederra jartzea erabaki du.

Sekula ahaztuko ez duten egun honetan, bilobetako bakoitzarentzat etxeko objektu zahar bat aukeratu du amamak eta herentzian jasoko dutela azaldu die. Bilobetako bakoitzak objektu jakin horrekin eta tresna horren laguntzari esker, gazteluko magia berreskuratzeko erronka izango du.

Hau da, gazteluko atea berriz ere irekitzea izango dute misio, izan ere, berezkoa duen magia galduta baitauka gazteluak eta, ondorioz, ateak itxita. Galdutakoa, funtsean, gazteluaren alaitasuna eta argitasuna dira, ordurako, inork gutxi sinesten baitu magian. Amamak etxean bildutako objektuei ez die berebiziko garrantzirik eman. Etxean aurkitutako lehenak hartu eta biloben artean banatu ditu. Objektuen erabilpen zehatzak garrantzirik ez baitauka, haiekin sor daitekeenak baizik. Izan ere, amamak ondo daki berriz ere gazteluaren ateak irekitzeko haur bakoitzak emango dion txispa eta irudimena izango direla giltza. Aurrenekoari lapikoa eman dio, oihal zati zaharrak bigarrenari eta bota handi parea azkenari.

Lehenengoak lapikoarekin munduko pastelik errazena egingo du: zer eta zaporerik gabeko tarta tristea. Gajoak pentsatuko du gozo inozoari esker gazteluak ateak irekiko dituela berriz. Baina hain gaizki landutako pastelak ez du ateak irekitzerik lortuko. Bigarrenak oihal zatiekin malabare jolasak egingo ditu, baina graziarik gabekoak. Suposatzeko denez, hura ere ez da gazteluko ateak irekitzeko nahikoa izango. Hirugarrenak, bota parea eskuetan dituela, zer egin asmatu ezinik dago, katu bati botak jartzea otuko zaion arte. Katua, orduan, berbetan hasiko zaio, sekulako graziaz eta irudimenaz baliatuta. Katuak berak proposatuko dio margoak erabiltzea gazteluaren magia margotu eta berpizteko.

Horrela abiatuko dira biloba gaztea eta botadun katua herrixkan zehar, kontu eta kantu zaharren berri margoz jasotzen. Haietako asko margotuko dituzte, bai, baina beste asko kantu bihurtuko dira. Inguruko animalia askok ere herrixkako biztanleen eta haien istorioen berri emango diete. Azkenik, iraganeko pertsonen eta gertaeren transmisioa jaso eta horiek denak artelan bihurtuko dituzte: margo, kantu eta ipuin. Lanari eta kemenari esker lortuko dute, bada, gazteluko ateak ireki eta galduta zegoen ilusioa berpiztea, magia berreskuratu eta argitzea.

Gazteluko ateak zabalduta, sekulako festa ospatuko dute amamak eta ilobek gazteluan. Gainera, gazteluko festan gorrazarre egingo diete ipuin, kantu eta margo zaharrei.

Erosi hemen zure sarrerak
Ez itxaron gehiago

Urriak 17, larunbata 12:30
Familiarra, euskaraz
Botadun Katua

Egilea: Galder Perez. Zuzendaria: Ugaitz Alegria Ituarte
Elenkoa: Andrea Covadonga, Sara Barroeta, Jon Casamayor, Sandra Fernandez.
Ekoizpena:  GLU GLU.

MASKARA DERRIGORREZKOA

Online salmenta itxita