Gorria

Iraupena: 70′. Nañon Euskal Kultur Elkarteak antolatuta. Doan.

Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren arteko fusioa; ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatuko, ezpada nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen. Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, esperimentazio gune bat; elementu estilistiko eta tematikoak trukatuta, estetika propio bat sortzeko saiakera (testuetan eta koreografietan bezainbat, jantzietan, musikan edota eszenografian erakutsi nahi genukeena). Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea; intimista, intuitiboa, erraietakoa… Gorria. Jasotzeko prest dagoen edozein ikus-entzulerentzakoa.

Hamar piezatan banaturiko ordubete inguruko obra da, behetik goranzko ibilbide bat; doinurik lurpekoenetatik hasi eta dantzagarrienetarainokoa, ilunpetatik argitarakoa. Atal batzuetan biok batera arituko gara, beste batzuetan banaka; batzuetan gitarraren edo perkusioaren laguntzaz (aldez aurretik grabatutako baseekin) eta beste batzuetan a cappella. Bide bertsua egingo dugu tematikoki ere; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa, ospakizun kolektiborainokoa.

Eskatu hemen zure gonbidapena
Ez itxaron gehiago

Abenduak 18, ostirala 19:00
Dantza (euskaraz)
Gorria

Egileak: Miren Amuriza, Askoa Etxebarrieta “La pulga”
Koreografoa: Askoa Etxebarrieta
Zuzendaritza eszenikoa: Jon Chavez, Miren Amuriza, Askoa Etxebarrieta
Interpreteak: Miren Amuriza, Askoa Etxebarrieta
Ekoizpena: Lanku

MASKARA DERRIGORREZKOA