Ikusezinak
ZORNOTZA ARETOA. 60 min. Doan.
Emakumeen istorioak sarri askotan ikusezinak dira. Horren adibide argia da zeinen oharkabean igaro den Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzela historiaren horrietan. Zornotzarrek apenas dakite ezer “etxe ondoan” duten espazio horrek garai batean sortutako saminaren inguruan. Espetxe hori, hain zuzen, Frankoren diktadurak emakume errepublikarrak, ezkerrekoak eta abertzaleak zigortzeko diseinatutako zigor-kartzelen sare baten parte izan zen joan den mendeko 40ko hamarkadan.
Erregimenak “Oso arriskutsu”-tzat jotzen zituen eta Estatuko leku ezberdinetako emakumeak preso hartzeko sortutako kartzela izan zen. Euren artean zeuden Tembleque (Toledo) udalerrikoak. Filiazio politiko ezkertiarra zuten gizonezkoak hil egin zituzten Temblequen 1939an, eta hauen emakumeak, berriz, Amorebietan kartzeleratu eta gero desterratu. Egoera hori sufritu zuten pertsonen artean dago Angelina Gonzalez; aita hil zioten faxistek eta ama Amorebietako kartzelara bidali. Handik jaso zituen amaren maitasun gutunak baina baita denboraren joanean iraun duen Amorebietako kartzelan sortutako abestia ere, amak erakutsi ziona.
Hildakoak ere izan zituen kartzelak. Emakume horien gorpuak non dauden ez dago oso argi oraindik. Aranzadi Zientzia elkartea eta Gogora Memoriaren institutua ekinean ari dira Zornotzako hilerrian 36ko Gerrak eta Frankoren errepresioak eraildako pertsonak lurpetik ateratzeko, tartean kartzelan hildako emakumeen gorpuak egon daitezke.
Orainari eta etorkizunari begira, IKUSEZINAK dokumentalak belaunaldi berrien transmisio-katea bilatzen du, zornotzarren, eta bereziki emakumeen, parte hartzea eta inplikazioa bultzatuz. El Carmelo Ikastetxea, Amorebietako emakumeen hainbat abesbatza eta Bertso Eskolaren parte-hartzearekin, besteak beste.
Eskatu hemen zure sarrera
Maiatzak 20 18:00
Maiatzak 23 20:00
Ekainak 4 20:00
Dokumentala
Baleuko