Zornotza Aretoa

Miren Larrea (antzerkilaria)

Nola hasi zinen aktoreen munduan murgiltzen? Zeintzuk izan ziren hastapenak?

Nik uste sarritan esperientzia edo praktikaren hasieraz mintzo garela, baina nik, atzerago joko nuke Norberaren bokazio eta grinak ulertzeko. Nik txikitatik nabaritzen nuen antzerkia, edo espresio teatrala nire parte bat zela. Oso zoriontsu nintzen beti ikastolan antzerkiren bat planteatzen zenean, eta familian ere oso “teatreroak” izan gara. Nik uste, umeak garenean hori entzuten ikasi behar dela, gero, sistemak ez du espresio artistikorako leku handirik, eta ondorioz batzuk ez diote eusten. Pena bat da. Ni 18 urterekin ipuin kontaketan hasi nintzen, gero Bartzelonan espezializatu nintzen titereekin (oso leku ona aukeratu nuen). Baina bai, oso txikitatik datorkit.

Zein esango zenuke dela zure lanaren berezitasuna?

Berezitasun asko ditu. Lan honek momenturo ikertzen egotea eskatzen dizu, baita zure teknika lantzea ere. Ez da eszenatoki batera igotzea bakarrik: Istorioa erabakiztea, zertaz hitz egin nahi dugun, nola eraiki nahi ditugun pertsonaiak… Gure lanaren zatirik politena sorkuntza prozesua da. Batzutan  hobeto irtetzen da beste batzuetan baino, baina zintzotasunez egiten saiatzen gara. Nagusiago naizen honetan sorkuntza prozesu guzti hori da pasio gehien sortzen didana.

Lotsarekin, eta beldurrekin lanketa handia egin behar izaten duzue. Lotsa eta beldurra gainditu beharreko sentimenduak dira? Zuk  gainditu dituzula esango zenuke?

Garai ezberdinetan beldur mota ezberdinak daude. Lehen bulkadek gidatzen ninduten, eta beldur gutxiago neukan. Ez nituen gauzak horrenbeste neurtzen. Beldurra ez da beti negatiboa. Beldurra lantzen jakinez gero, hainbat gauza positibo ekar ditzake. Eta nik uste, nire ibilbidean, gainditzen joan garen beldurrak egon direla, bizitzan bezalaxe. Lehen gehiago eszenaratzeari begira, eta orain, sormen prozesuari begira. Baina, arazorik gabe: beldurrekin bizitzen jakin behar da.

Aktoreen munduak oztopo gehiago al ditu emakume direnentzat?

Emakumeok orokorrean, sistema patriarkal honetan, oztopo gehiago ditugu gizonen aurrean. Sektore guztietan bezala, antzerkian ere gertatzen da. Joera dago pentsatzeko kultura arloan gutxiago ematen dela, baina, ez da horrela. Bizipenetatik hitz eginik,  emakume asko ezagutzen ditut ama izateagatik oztopoak izan dituztenak,  gira eta etxeraren arteko kontziliazioa gogorra izan dutenak, pertsonaia androzentrikoak jasan behar izan dituztenak… istorioek ere emakumeen rolak alde batean edo bestean jartzen dute azken finean.

Zu millitante feminista ere bazara. Nola uztartzen dituzu feminismoa eta aktore izatea? Badago militante feminista izanik, aldi berean mundu hori “feministatzerik”?

Gure gizarteko arlo guztietan izan behar dugu feministak, eta hortik etorriko dira eraldaketak. Praktika feministak dira gakoak: Gure proiektuetan oso presente izatea emakumeen presentzia, zein ikuspuntutatik eraikitzen ditugun pertsonaiak, umeentzako zuzendutako lana ea hezkidetzaileak diren… Antzerkia kultura da, eta kulturak ereduak proiektatzen ditu. Beraz, oso garrantzitsua da kulturatik eraikitako iruditegiak feminismotik eraikitzea.

“Normaltasun berria” deituriko garai honetan, non distantziak,segurtasun neurriak, kontaktua, higienea…zaindu behar diren, zein da aktoreen egoera? Gehiago kaskartu al da krisiaren aurretik zeneukaten egoera?

COVID-19a baino lehenago antzerkiak egoera kaskarra zeukan, eta bai, egoera honen ostean are gehiago kaskartuko da, baina noski, instituzioek eta gizarteak baimentzen duen neurrian. Nik pentsatu nahi dut krisialdi honek kultura ereduaren inguruko hausnarketa eragingo diola jendeari. Askotan pentsatu izan da antzerkia entretenimendu soila dela, baina ez da hori bakarrik. Elkarrekin eserita hausnartzeko, entzumen aktiboak lantzeko, galderak lantzek espazioa da. Eraldaketarako espazioa da. Urte askoren buruan galdu egin du karga hori, baina hori izan beharko litzake. Nahiz eta ogibide bezala kaskartu, eraldaketa baliabide bezala ikusiko dela pentsatu nahi dut. Arteak aldaketarako subjektu eraldatzaileak izan behar dute.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Gehien gustatzen zaidana sorkuntza prozesu hori da. Ideia sortzen denetik, panpinak eta pertsonaiak sortzearen puntua, musika, argiak nola diseinatuko dituen Jonek, kartelak nola egingo diren, jantziak… giran ikusten ditugun hiru pertsona horien atzean talde handi bat dago. Niretzako istorio baten baitan zenbat pertsona biltzen diren ikustea zoragarria da.Urrian Kottondarrak lana estreinatuko dugu dena ondo badoa, pandemia honen erdian. Zoragarria da.

Eta gutxien, ba, “madrugoiak”. Furgonetan egin behar diren bidaiak eta… baina, bueno, zerbait esatearren, elkipo zoragarria baitugu, eta lana asko errazten dugu.

Zer da berrogeialdian gehien faltan bota duzuna?

Gauza txikiak bota ditut faltan. Tontakeria nostalgiko bat da: teloiaren atzetik egiten duzun begirada horretan jende mordo bat elkarrekin ikustea. Urduritasuna. Horren bueltaren inguruan pentsatzea…nostalgikoa izan da. Zoragarria da komunitate zati bat elkarrekin eseri, eta konplizidadez eta konpromezuz, zuzenekoa ikusteko prest daudela jakitea.

Zer aholku emango zenioke mundu honetan murgiltzear dagoen bati?

Aholku gutxi. Idarra izan behar dala, positibo aritu behar dela, eta aurrera! Bizitzako erabaki bat da honetan aritzea, eta niretzako, hartutako erabaki zoragarrienetako bat izan dela mundu honetan lan egitea. Beraz, aurrera!