Zornotza Aretoa

Sarrera eta helburuak

Amorebieta-Etxanon artista profesionalen mugimendu handia dugu, hainbat diziplinatan ezagunak direnak. Kasu honetan, kontratazioen bidez laguntzen zaie; urteko programazioan presentzia handia dutelarik hainbat ekitaldi eta espaziotan. Horrela, konpainien antzerki-estreinaldiak, taldeen eta abeslarien birako lehen kontzertuak edo erakusketak eskaintzen ditugu, artista plastikoen kasuan.  Ekoizpenean, arte eszenikoen eta musikaren kasuan, antzerki-egoitzen bidez eta espazioak lagatuz laguntza ematen dugu.

Sorkuntza profesionala zaintzeaz gain, Amorebieta-Etxanoko Udaleko kultura arloaren helburua diziplina artistikoekiko interesa bultzatzea da eta herritarrek diziplina horietan aktiboki parte hartzea, ikusle gisa ez ezik, sortzaile gisa ere. Hori dela eta, diziplina bakoitzerako hainbat ekimen daude gaur egun,  une desberdinetan urteetan zehar martxan jarri direnak.

Musikan, diru-laguntza eta kontratazioen bidez, ehunka pertsonak parte hartzea bultzatzen da, herriko abesbatzen, txistularien, trikitilarien… talde batzuk mantenduz. Gainera, urteak dira entsegu-lokalak daudela, pop, rock eta musika elektronikoa bezalako beste generoak lantzen dituzten talde eta bakarlarientzat. Musika Eskola funtsezko zutabea da etorkizunean musikaren munduan dinamika horri eusteko, eta, horrez gain, Haizetara eta Eleizetan bezalako jaialdiek musika-tresnekiko interesa pizten dute.  Gainera, Musika Bandaren berpizte berriak ere bere garrantzia du gai hau lantzeko.

Antzerkiari dagokionez, gaur egun hainbat programa daude, adinaren arabera antolatuta, herritarren artean diziplina horrekiko interesa pizteko. Horrela, helduentzako antzerki tailerra, Zugan Ni programa eta HAT jaialdia ditugu, Markeliñerekin sinatutako hitzarmen baten bidez kudeatuak, eta Eusko Jaurlaritzak publiko berriak sortzeko jasotzen duen diru-laguntzarekin.

Dantzari dagokionez, Zubiaur Musika Eskolaz gain diziplina klasiko edo Hip Hop bezalako diziplina modernoetarako, Udabarri dantza taldea bezalako elkarteek pisu handia dute eta arlotik laguntzen zaie diru-laguntzak emanez, espazioak utziz eta ekitaldiak antolatzen lagunduz.

Beste diziplina batzuei dagokienez, pintura edo argazkigintzaren kasuan, Pintzelak edo Uztargi klik bezalako kolektiboei diru-laguntzak emateaz gain, beren lanak urtero erakusteko aukera ematen zaie, beren jarduerak behar bezala egiteko espazioak uzten zaizkie eta kolektiboekin elkarlana lantzen da hainbat ekitaldi antolatzeko.

Hala ere, badira zornotzarrak profesionaltasunean guztiz sartu barik, baina aisialdiko diziplinak sortu edo horietan urrats bat harago joan nahi dutenak , eta  euren beharrak ez datoz bat % 100ean orain arte jorratu ditugun ekimenekin. Hori dela eta, Km0 programa sortu dugu, ekimen desberdinak aurkeztuz, batzuk amateurrak, beste batzuk profesionalak, Amorebieta-Etxanoko pertsonen parte hartzea dutenak, profesionaltasunera heltzear daudenak edo profesionaltasunaren munduan lehen urratsak ematen hasi direnak.

Helburuak
Helburu nagusia

Km0 programaren helburu nagusia, banaka edo kolektibo edo enpresa baten bidez, arteetan eta sorkuntzan hasten ari diren zornotzar kolektibo eta pertsonei presentzia ematea da, aisialditik harago doan modu erdi-profesional edo profesional batean, beren lanak udal-espazio batean lantzeko edo/eta tokiko programa baten babespean aurkezteko kontratazioaren bidez, mundu profesionalerako lehen urratsetarako laguntza, profesionalizaziorako bultzada edo arteen funtzionamendura modu profesionalean hurbiltzeko modu bat izan dadin.

Helburu espezifikoak

Artista berriei beren hastapen profesionaletan laguntzea eta beren lana beren herrian ezagutaraztea.

Arteen eta sormen-industrien funtzionamendua eta antolaketa ezagutaraztea, ikuspuntu profesionaletik, norabide horretan urratsak egin nahi dituzten herriko pertsonentzat.

Diziplina artistikoak alternatiba profesional gisa aurkeztea, aisialditik haratago aukerak dituen sektore gisa duen ikuspegia aurkezteko.


Zeharkako helburuak

Berdintasuna: genero-ikuspegia lantzea, bai ikuskizunen kontratazioetan, bai programan parte hartzen duten pertsona guztien egituran eta kudeaketan, helburu zehatz batekin: emakumeen parte-hartzea% 50ra iristea.

Euskara: euskararen presentzia bermatzea, bai jendaurreko eskaintzan, bai barneko lanean, baita komunikazioan ere, eta erabilera gutxienez % 50era iristea alderdi guztietan. Integrazioa, aniztasuna eta jasangarritasuna: aniztasuna bermatzea arlo honetako balioak errespetatzen dituzten proposamenetan, kolektibo ahulen integrazioari, desberdinarekiko errespetuari eta ingurumenarekiko kontzientziazioari dagokienez.