Zer da kine Zine Kluba? Nola definituko zenukete?

KINE ZINEKLUBA Zornotzako erakunde kulturala da. Bederatzi urte pasa dira elkarteari ekin genionetik eta egun esan dezakegu, urteotako lan eta esfortzuaren ondorioz, lortu ditugula hasiera hartan planteatzen genituen helburuetako asko.

Zein helburu ditu Kine Zine Klubak? Zinemagintzan zer hutsune betetzen du zuen taldeak? Zein aportazio egiten dio gizarteari?

Lehen urte hartan argi geneukan garrantzitsua zela herriarentzat Zornotza Aretoa elkartrukerako leku gisa mantendu eta horren alde lan egitea elkarte gisa. Gure neurrian aretoan gorpuztuko zen zinearen inguruko komunitate bat bultzatzea izan zen helburuetako bat, urtetan ikusi izan genuelako existitzen zela publiko potentzial hori eta aukerak eman behar zitzaizkiola zirkuito komertzialetik kanpo geratzen ziren pelikulez gozatzeko.

Hartarako, Zornotza Aretoak, herrian zine proiekziorako leku historiko gisa, beste inongo espaziok ez bezala betetzen du paper hori. Azken urteotako ekinaren ondorioz, zinema komunitate bat eratu eta sendotu dugu zinekluba- ren inguruan; zineaz hitz egin, gozatu, eztabaidatu eta ikasteko espazio bat, non zirkuito komertzialetatik kanpo geratzen diren pelikulak bilatzen dituen ikusleak erreferente bat aurkitu duen. Ikuslearengan proiekzioekiko konfiantza lortu dugu eta kalitatezko zinema programazio horri bikain erantzun dio gorpuztu den komunitateak.

Formakuntza sustatu dugu zinemaren inguruko ikastaroen bitartez, hala ikuspegi jakitun eta kritiko bat bultzatuz pantailaren aurrean. Formakuntzare- kin batera, antolatu ditugun ekintza guztietan, jendartearen ikuspegi kritikoa bultzatzeko ahalegina egin dugu, kontestualizaziorako esparru bihurtuz Zor- notza Aretoa. Zornotzako beste erakunde, elkarte eta talde ugarirekin sareak josi ditugu eta hainbat elkarkekintza proposatu eta burutu ere bai, herriko eragile partikular eta kolektiboen artean inertziak sortuz.

Ezin ahantzi ditzakegu Berdintasun Berbaldiak edo KINE Rallya. Biek 5. edi- zioa dute aurtengoa eta urtero parte hartze zenbaki altuagoak lortzen dituzte.

Nortzuk osatzen duzue?

Lara Izagirre zinemagilea, Oihane Amantegi idazlea eta itzultzailea, Hodei Zambrano Beittu ikusentzunezko ekoiztetxearen burua, Maite Romero produkzio arloan EITB KULTURA saioan, Irati Lejarraga disenatzaile grafikoa eta ikusentzunezko teknikaria, Julen Jimenez aktorea. Luis Javier Ugarte Zornotzako programatzaile oiha.

Zuen programazioko pelikulak asteartetan emititzen dira Zornotza Aretoan. Zer berezitasun ditu zuen programazioak? Zer desberdintasun zinema komertzialetik?(gaiei dagokionez, autoreak)

Erakunde bezala saiatzen gara irizpide batzuk betetzen ahal den neurrian, besteak beste:

Emakumeek beraien logela propioa behar dutelako, emakumeena izan da aretoa. Emakume zuzendari edo emakume protagonisten lanak aukeratu ditugu.

Historian zehar gizarte mailan existitu diren giza problematikek berebiziko garrantzia bereganatu dute garai posmodernoetan. Pantailara salto egin dute sexu aldaketak, genero eraikuntzak, zaintzen ardurak, klase gizartearen berezko talkek eta hain gaizki izendatu diren gaixotasun mentalek, beste hainbaten artean.

Arte adierazpenak sarri joan ohi dira eskutik helduta. Zinemaren eta musikaren kasuan, harreman honen emaitza ezin aberasgarriagoa gertatu da. Musikak irudiari erritmoa eman dio, irudiak musika gorpuztu du.

Euskal Herriko lanak izan ditugu ikusgai. Eta Zornotzako zinemagileen lana ere bai.

Herriko erakunde batzuekin elkarlana: Zornotzako Mendi Taldearekin batera. Mendiz inguraturik egonda, zaletasun nabarmena dago herrian eta mendi taldeak azken urteotan berrindartu egin du zaletasun hau.

Zer lan izkutatzen da programazio ez-hegemoniko horren atzean? Lan handia, denbora asko eta pertsona asko al daude?

Talde txikia osatzen dugu eta horrek suposatzen du lanez gainezka ibiltzea. Baina ilusioak motibatzen gaitu eta beti betetzen ditugu zehazten ditugun helburuak.

Taldearen egoera egonkortzeko, zer beharko zenukete?

Une honetan, belaunaldien arteko errelebua da beharrezko ikusten duguna. Zornotzan zinemarekin eta kulturarekin konprometitutako jende gehiago egotea (batez ere gazteak), Kinerekin bat egin dezaten ilusioz lan egiten jarraitzeko.

Datorren krisi honen aurrean, zer aurreikuspen ditu Kine Zine Klubak kulturarekiko eta zinemarekiko?

Zinema-aretoak berriro betetzeko gogoa dugu, bilgune, eztabaida eta arte ugari izateko!